FORMA BEGIRADAN

Salvador Dalí


Figueres, Girona, 1904. Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan sartu arren, 1926an handik egotzia izan zen. Garai hartan harremanetan hasia zen Federico García Lorca, Luis Buñuel, Rafael Alberti, José Moreno Villa eta Madrileko Residencia de Estudiantes delakoan bizi ziren beste artistekin. Parisera lekututa, hantxe bizi izan zen 1940 arte. Pablo Picasso ere bertan ezagutu zuen, eta 1930ean mugimendu surrealistari atxiki zitzaion, Pariseko margolari eta eskultore surrealisten taldekide izaki. Hantxe ezagutu zuen Gala Helena D. Diakonova, eta harekin ezkondu.
Italian egon ondoren, Espainiako Gerra Zibila pasata (1936-1939), artelan erlijiosoak egiteari ekin zion: San Antonioren tentaldiak (1947), Portlligat-eko Madona (1950). Estatu Batuetan emandako zortzi urteetan, 1940tik 1948 arte, behin eta berriro bisitatzen zuen Port Lligat, gerora behin betiko bizilekua izango zuena.
Gaien aldetik, eszena onirikoak aurkeztea du haren pinturak ezaugarri; teknika aldetik, berriz, zehatz-mehatz marraztea, xehetasunen xehea eta argazkia diruditen tonalitate distiratsu eta argitsuak, amets giroaren ilusiozko efektua lortzearren. Haren adibide ditugu Oroimenaren jarraikitasuna (1931), erloju bigunak eta guzti, eta Gerra Zibilaren Zantzua (1936).
Freuden teorietan inspiratuta, irudi onirikoak ez ezik objektu arruntak forma harrigarriz aurkezten zituen. Dalí bestelako diziplinetan ere ausartu zen, hala nola zineman, bitxigintzan eta antzerkian (janzkerak eta eszenarioak). Liburuak ere idatzi zituen, nabarmenena, Diario de un genio (1965). 1979az geroztik Frantziako Arte Ederren Akademiako kide izan zen. 1989ko urtarrilaren 23an hil zen, Figueresen, 84 urte zituela.
Lan ugari egina da, eta mundu osoko museorik ezagunenetan dago ikusgai. Lan horiek xeheago ezagutu nahi izatera, Gala-Salvador Dalí Fundaziora jo daiteke.


Eskulturak

Izenburua Dantzaren Musa 
Lekua Bilbo
Euskalduna Jauregiaren ondoan. 
Materiala Brontzea 
Neurriak 500 cm baino gehiago. 
Inaugurazioa 2003an 
Sustatzailea Instituzionala