FORMA BEGIRADAN

Vicente Larrea


Bilbon jaioa, 1934an. Eskultore eta margolaria da, Larrea Etxaniz eskultorearen semea. Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen formatzen, eta formazio hura Frantzian, Solesmes-en Raymond Dubois eskultorearen tailerrean egindako egonaldiekin osatu zuen. Gerora, Bilboko Minen Eskolan ere lizentziatu zen. Larrea Euskal Eskolaren Bizkaiko Hemen taldean sartu zen, eta 1966an Bilboko Arte Ederren Museoan Gaur eta Hemen taldeek egin zuten erakusketa kolektiboan parte hartu zuen.
Eskultura-irakaslea izan zen Bilboko Arte Eder Fakultatean. Hainbat tokitan egin ditu erakusketak, hala nola Bartzelonan, Suitzan, Iruñean, Bilbon eta Chicagon.

Euskal Herri osoan barna aurki daitezke haren artelanak, Bizkaian batik bat; hain zuzen, obrarik abstraktu eta monumentalena lurralde honetan dauka.
Nabarmentzekoa da Bilbon Ametzolako geltokian duen eskultura publikoa. Kaietako horma bati atxikita, etzandako irtengune gisa paratua, arte abstraktuaren eta espazio funtzionalen arteko elkarrekikotasuna adierazi nahi du.


Eskulturak

Izenburua Dodecathlos 
Lekua Bilbo
Euskalduna jauregia 
Materiala Burdin modular urtua 
Neurriak 850x900x400 cm 
Inaugurazioa 2001ean 
Sustatzailea Instituzionala